Doppler efektua eta Ohm-en legea: aposizioa vs genitiboa fisikaren terminologian.
Hizkuntza tekniko-zientifikoan, nahiko ugariak izaten dira zientzilari baten deitura + izen arrunta bezalako terminoak.
Osagai bien arteko lotura, euskaraz, bi modu desberdinetan gauzatzen dugu.
Alde batetik, hitz-elkartuen eremukoa den aposizioa deritzon baliabidea erabiltzen dugu, Doppler efektua adibidez,
eta bestetik genitiboaren bidez lotzen ditugu osagaiak, Ohm-en legea kasu.
Doppler efektua Doppler deitura zuen fisikariak ikertu eta aurkituriko efektu fisikoa da
eta Ohm-en legea Ohm deitura zuen fisikariak ikertu eta aurkituriko lege fisikoa dugu,
eta egia esan behar badugu,
gure ustez ez dago arrazoirik
Doppler-en kasuan modu batez eta Ohm-en kasuan beste era batez jokatzeko.
Aspaldian buruan biraka daukagun galdera hauxe da, beraz;
zergatik kasu batzuetan aposizioa eta besteetan genitiboa?,
zergatik asimetria hau?
Bigarren osagaiak, hots, izen arruntak badu zerikusirik?
Gaztelaniarekiko morrontza ote?
Arazo honi buruzko argi-izpirik aurkitu nahian,
inguruko hizkuntzek nola jokatzen duten aztertu dugu,
nola edo halako ondoriorik ateratzeko asmoz.
Azterketa-eremutzat UZEIk argitaraturiko FISIKA HIZTEGIA hartu dugu,
euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesaren arteko azterketa konparatiboa burutu nahi izan dugula.