Andraizea / Irati Goikoetxea / Erein,2014 Andraizea Usoa Alberdi Fernandez / Aizu!,2015-01.
"Usteak, erdiak ustel" egiak kolpatu ninduen liburu hau irakurri ostean;
bestela esanda,neu ere aurreiritzien mende bizi naizela onartu behar osteko amorruak.
Egilea Irati Goikoetxea Matematikan lizentziatua izaki,
istorio karratu eta erabat logikoak espero nituen ; inola ere txunditzea, barre egitea edota barruraino hunkitzea.
Are gutxiago, nire burua islatuta ikustea, tarteka baino sarriago.
Bada,bete-betean egin nuen kale.
Izan ere,
izenburuko Andraizea hitz-jokoak erakarrita
hautatu nuen liburuak ez du ezer karratu eta logikotik, batik bat bigarrenetik, eta asko,ordea, surrealismo eta sentimendu aniztasunetik.
Enpatiaren samurtasunez gainezka daude istorioak,
eta idazleak ezin hobeto asmaturiko absurdu-ukitu zoragarriak biltzen ditu,
gozokiak lez banaka-banaka dasta ditzagun,
bakoitzaren zapore bereziaz gozatuz.
Hamalau ipuintxok osatzen dute liburua,
eta denek hitz egiten dute emakumeez, hainbat emakumez eta inguruko gauza eta pertsonekin dituzten harremanez.
Gustura entzungo nioke idazleari zelan lortu duen hainbeste nortasun, hain bereziak, hain desberdinak, halako istoriotxoetan konprimitzea eta hain garbi islatzea.
Hizkuntza natural bezain soila baliatuz,
inolako itzulinguru eta katramilarik gabe, nortasun oro osatzen duten haize bitxien hautaketa bat eskaini digu matematikariak, unetxo gozagarriak opari.