Birjinak / Irene Nemirovski ( Jose Antonio Sarasola ) / Alberdania, 2011 Aukeran eleberria Saioa Ruiz Gonzalez / Argia,2012-09-09.
Aspaldi nenbilen
Irene Nemirovski ( Kiev, 1903 - Auschwitz, 1942 ) irakurtzeko gogoz.
Haren garaikide izandako antzerkilari frantses baten obraren inguruko ikerketa lanean ari nintzela,
orduko Paris okupatuaren testuingurua zela eta,
Dantzaldia irakurtzeko gomendatu zidaten.
Suite frantsesa-rekin batera, hura baita Nemirovskiren eleberririk ezagunena.
Ordutik izan dut heziketa frantsesdun idazle ukrainar honekiko kuriositatea.
Bata zein bestea irakurri gabe, aldiz, Joxe Antonio Sarasolak itzuli eta Alberdaniak kaleratu duen Birjinak.
Eta beste kontakizun batzuk izeneko ipuin bildumatik abiatu naiz
emakume honen obra literarioa ezagutzera.
Eta egia esan, ez dakit nire kuriositatea zertxobait zapuztu egin ote den.
Liburua osatzen duten hamabi kontakizunetatik bost izan ziren garaiko aldizkarietan argitaratuak,
eta horietan azkenak, Birjinak ( 1942 ) deritzonak, hain zuzen ere, irabazi du bilduma honen izenburua koroatzeko lekua.
Beste kontakizunak eskuizkribuan gorde ziren,
2009. urtean liburuan argitaratu ziren arte.
Birjinak da, dudarik ez, hamabietarik txapelduna
eta Zine mintzatua ( 1935 ) izenekoari emango nioke bigarren postua.
Hauetan biltzen da gordintasun erabatekoan eta ezbeharretan oinarritzen den benetako bizitzaz zein patuaz idazleak duen ikusmoldea ;
"geure indar guztiekin bizi nahi dugu
edo bakea nahi dugu" (170.orr.),
esango du ipuineko emakume protagonistetako batek.
Pertsonaia zauritu eta hondatuek aditzera ematen dutenez
ez du balio zoritxarra saihesten ahalegintzeak,
hobe da aurrez aurre eta begietara begiratzea.
Ondo egosiriko bizitza ez da benetako bizitza.
Ipuin batetik bestera askotariko sentsazioak esperimentatzeko aukera izan dut.
Batzuk hogei orrialdekoak, hamar edo bostekoak beste batzuk, baina ez da ipuinen luzera kontua izan.
Gorabehera ugari sumatu dut liburuaren irakurketan zehar,
eta nagusitzen zaidan sentsazioa asperdurarena da.
Eleberri batean, hamar orrialderen tarteko asperdurak ez gaitu zertan eleberri osoa deuseztatzera bultzatzen, bai aldiz ipuinen kasuan.
Hala gertatu zait Mamuak, Ezezaguna eta Magia bezalako ipuinekin,
inolako erakargarritasunik gabe irakurri ditut.
Nemirovskiren ipuinak bizipen eta esperientzia pertsonaletatik abiatzen diren arren,
transzendentzia ontologiko unibertsal zaindu batez hornituak dira.
Zentzu horretan, azpi eduki aldetik ezin zaio sakontasunik ukatu.
Hala ere,
gure patua josteko baliatzen dugun bizitzaren oihalaz hausnartzea sobera ez badago ere,
karga bera garraiatzen duten hamabi ipuin irakurtzea astunegi suertatzen da.
Agian eleberritik abiatzea izan zitekeen bide zuzena,
eta aukera baduzue hura gomendatzen dizuet.