Odolbildua / Josu Landa / Susa, 2002 Odolbildua Koldobika Ezberdin / Putz,2002-06 Putzeko ene lagun eta jarraitzaile guztiok, gaurkoan ere otoitza bertan behera utzi eta aldizkari guztizko zintzo honetan agerraldia egin beharrean sentitu naiz, ez baita gauza kaltegarriagorik arimarentzat nola Jaungoikoaren deialdiari ezentzunarena egitea. Eta zer jakinarazi dit bada belarri izkinera oraingoan gure Jaungoiko bakar eta ahalguztidunak? Bada azkenaldi honetan behin eta berriro esan, berresan eta gaztigatzen ari dena : badirela hainbat eta hainbat euskal idazle artaldea utzi eta bekatuaren bide lohietan galtzen direnak. Horietan azkena, Josu, Josu Landa. Tamalez bere izena ez dator bat bere izanarekin, ezin konta ahala mozorro baitarabil Beltzebuk gaiztakeria izugarrienak obratzeko. Josu Landa honek Espainiako Askatzailearen urrezko garaian girotu du bere nobela-gurakoa, eta aurkeztu dizkigun pertsonaiak osotoro dira autorearen sukarraldi edota eldarnioetan erditurikoak, irrealak, sineskaitzak, deslekutuak, ez baitute batere zerikusirik garai loriatsu hartan bakean eta harmonian pozik eta zorion betean bizi ziren herritarrekin. Ondo baino hobeto ezagutu nuen nik Nerbioi ibar ezkerraldeko giro atsegina 50. hamarkada gogoangarri hartan, bai horixe! Santurtziko parrokoa nintzen orduan, eta benetan, beltz bat euskaraz mintzatzen irudikatzea bezain barregarria deritzot portugaletetarren mihian euskara paratzeari. Euskara zer zenik ere ez zekiten Portugaleteko biztanleek 50. hamarkadan! Ez diot euskarari ukatuko baserritarrak kristautzerako orduan izan duen garrantzia, baina hortik aurrera, tira, desagertuko balitz hobe ; atzen finean gaztelera baita latinaren oinordeko zuzena, mundu osoan indartu beharrekoa. Irrigarria begitandu zaizkit liburuko pertsonaiak oro : Mentxu delako neskazahar botikaria eta honen esanari itsu-itsuan jarraitzen dion erdi-gixon edo gixon-erdien koadrila patetikoa. Hara, Josu Landa, putak salbuetsiz, 50. hamarkadan ez zegoen emakumerik etxeko sukaldetik kanpora lan egiten zuenik. Ez dago aztia izan beharrik ondorioztatzeko, beraz, delako Mentxu hori puta bat baino ez dela, baina horretarako hobe gauzak diren bezala izendatzea : ogiari ogi, ardoari ardo eta putari PUTA, emagaldu hutsa dena botikari marimatxortu baten mozorropean aurkezten ibili barik. "Idaxlearen" fabore, esan beharra dago behintzat zerbaitetan asmatu duela, izan ere, errepublikazale eta gorriak izan behar liburuan aurkezten zaigun koadrila negargarria. Ezin bestela izan, kontatzen zaiguna amini bat sinisgarria izateko. Hori bai, gaizkile hauek ongi nahian ari direla sinistarazi gura izateari itzelezko hutsa deritzot,astakeria galanta, Stalinek karitateak bultzatuta obratu zituela obratu zituenak esatea bezalako zerbait. Laburbilduz, hobe eliza aldera bueltatxoa egitea "Odolbidu" honekin denbora galtzen ibiltzea baino. Sutara!!!