Gerra txikia / Lander Garro / Susa, 2014 Zenbaitzuen gerra txikia Txema Arinas /quejicakexontzia.blogspot.fr,2014-12-01
Azkenean bukatu dut Lander Garroren Gerra txikia.
Gogoratu zait, ezinbestez, duela gutxi ikusitako Infancia Clandestina fim argentinarra
non haur batek euren gurasoen ezkutuko militantzia montoneroaren gorabeherak jorratzen dituen.
Lander Garrok antzerako ikuspustua hautatu du
bere pertsonaien "gerra" txikiaren nondik norakoen berri ematera aldera, hau da, euskal errefuxiatu batzuen gorabeherak mugaz bi aldeetan azken hamarkadetan zehar.
Bada alde horretatik lubaki baten aldetik egindako errelatoa,noski,
hortaz ezin dugu gure burua inondik inora ere engainatu.
Hau aldez aurretik aintzakotzat hartuta
lubaki horretakoekin bat egiten duen inor derrigorrezko enpatia ariketa bat egin beharrean dago
Garroren testuak dituen bertute literario nabarmenak, bikainak, goxatzeko asmotan,
ikaragarri ondo idatzita baitago eleberria,
hainbat pasartetan hunkigarria ere iristeraino.
Hala ere, eta lubakiak lubaki edo enpatiak enpatia, badago nobelan benetan txunditu egin nauen zerbait,eta orain arte gainerako "lubaki" nobeletan ozta-ozta topatu egin dudana,
hori da idazleak berak nola edo hala bere pertsonaien lubakitik kanpokoekiko egindako ustezko edo balizko enpatia ariketa bat edo auskalo zer.
Esan nahi dut badagoela lubaki horretatik kanpo dagoen pertsonaia baten arrazoiak eta kontuan hartzeko enpatia moduko saio bat,
baldin bada ere nobelako protagonistetako batekin, haur narratzailearen aitarekin, ika-mikan nork bere kontrako argudioei gogor eutsiz.
Osabaren ezusteko bisitarekin lotutako atalaz ari naiz, nire ustetan euskal "lubaki" literaturaren norabide berri bat gogora edo irizpidera ekartzen duena :lubakitik kanpokoen ikus/pentsamodeak nolabait kontuan hartzekoa.