Neologia, erlojupeko lasterketan: Internet.
Egungo errealitatean terminologia-neologiak aurrez aurre dituen erronkei buruz hausnartzea da komunikazio honen asmoa.
Horretarako, bada, Interneten neologia sortzeko eragina duten zenbait puntu landuko ditugu.
Interneti buruzko terminoak azkar sortu eta zabaltzen dira,
eta hedapen handia lortzen dute,
hizkuntza guztiak erlojupeko bene-benetako lasterketa batean bailebiltzan.
Egia da, bai,
termino berrien sorkuntza abiadura ikaragarrian dabil, informatikako teknologia eta, orokorrean, telekomunikazioetako teknologia aurreratu eta eraberritzen den martxa berean.
Ezaugarri hori aurrerakuntza zientifiko eta teknikoan berdin agertzen bada ere,
eta, beraz,
terminologiako neologiaren ezaugarri bada,
landutako arloa berezia denez,
berari dagokion neologiari berezitasun batzuk ezartzen dizkio,
eta kontuan hartzekoak dira.
Alde batetik, Interneteko terminoak ezagutarazteko erabiltzen den kateak, beraz, sareak berak,
terminologia azkar zabaltzeaz gain
-Interneteko informazioa (ia) bat-batean lortzen da-,
hedapen luze-zabala du oso,
munduko edozein bazterrera heltzen baita.
Are gehiago, edozein tokitatik biltzen dira terminoak,
baita komentatu eta haztatu ere;
adibidez, Interneti buruzko terminoen glosarioak zabaltzen dira Web askotan,
eta izendegietarako proposamenak egin ere bai,
eta erabiltzaileek botoa eman ahal izaten diete.
Ondorioz, funts funtsezko arazo baten aurrean aurkitzen gara: espezialitateko eremuaren mugak gainditzen dituela Interneteko terminologiak
(espezialitatera mugatzen da, definizioz, lexiko zientifiko eta teknikoa),
eta erabilera orokorreko hizkeran sartzen dela indartsu;
horrela, bai sarearen erabiltzaile heterogeneoek (edozein espezialitatekoek zein espezialitaterik gabekoek), bai prentsa irakurri edo komunikabideei arreta jartzen dietenek, guztiok erabiltzen dute.
Zelako terminologia sortzen ari da?
Zeintzuk dira lexikoaren sorkuntzan gailentzen ari diren sistemak?
Ezaugarri berdin eta komun bat daukate hizkuntza guztiek:
terminoak ingelesez sortzen dira,
eta mailegu moduan sartzen dira beste hizkuntzetan.
Nola erantzuten dute hizkuntza hartzaileek?
Nola lantzen dute Interneteko terminologia?
Termino al dira termino itxurako guztiak?
Izendatzeko benetako premiei erantzuten al diete?
Edo, aldiz, lexikoaren sorkuntzan asko eta asko ez ote dira sentsazionalismoan erori eta azkar galduko direnak?