Doppler efektua eta Ohm-en legea: aposizioa vs genitiboa fisikaren terminologian. Hizkuntza tekniko-zientifikoan, nahiko ugariak izaten dira zientzilari baten deitura + izen arrunta bezalako terminoak. Osagai bien arteko lotura, euskaraz, bi modu desberdinetan gauzatzen dugu. Alde batetik, hitz-elkartuen eremukoa den aposizioa deritzon baliabidea erabiltzen dugu, Doppler efektua adibidez, eta bestetik genitiboaren bidez lotzen ditugu osagaiak, Ohm-en legea kasu. Doppler efektua Doppler deitura zuen fisikariak ikertu eta aurkituriko efektu fisikoa da eta Ohm-en legea Ohm deitura zuen fisikariak ikertu eta aurkituriko lege fisikoa dugu, eta egia esan behar badugu, gure ustez ez dago arrazoirik Doppler-en kasuan modu batez eta Ohm-en kasuan beste era batez jokatzeko. Aspaldian buruan biraka daukagun galdera hauxe da, beraz; zergatik kasu batzuetan aposizioa eta besteetan genitiboa?, zergatik asimetria hau? Bigarren osagaiak, hots, izen arruntak badu zerikusirik? Gaztelaniarekiko morrontza ote? Arazo honi buruzko argi-izpirik aurkitu nahian, inguruko hizkuntzek nola jokatzen duten aztertu dugu, nola edo halako ondoriorik ateratzeko asmoz. Azterketa-eremutzat UZEIk argitaraturiko FISIKA HIZTEGIA hartu dugu, euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesaren arteko azterketa konparatiboa burutu nahi izan dugula.