Sargori / Pello Lizarralde / Pamiela, 1994 Sargori Asier Sarasua / Eibartik, 2015-01-09 Idazle berezia da Pello Lizarralde (Zumarraga, 1956). Gutxitxo argitaratzen du. Berezi idazten du. Euskal letretan ahots bakarrez. Bere idazkera gustatuko zaizu ala ez, baina ezingo duzu esan beste edozein idazleren tankerakoa denik. Eta niri izugarri gustatzen zait. Atmosferak sortzeko duen erraztasuna, xehetasunik txikiena ere adierazteko duen gaitasuna, beti ere voyeur ukituarekin… Sargori ere bide berean sortutako ipuin-bilduma da. Udako giro sapa horretan gertatzen diren kontakizun xumeak ekarriko dizkigu idazleak. Hamar ipuin txiki zoragarri, uda garaiko bazkalosteko giro itogarrian murgilduta daude pertsonaien eskutik. Askotan balirudike ezer gertatzen ez dela, baina Lizarralde maixu da elipsien bidez istorio zoragarriak kontatzen; edo kontatu gabe, irakurlearen eskuetan ezinegon sentsazioa uzten. Izen iradokitzaileak dituzte 10 ipuinok, eta horien artean benetako perlak aurkituko ditugu, “Barnetik”, “Bazterretik” edo “Azpian”, adibidez. Izugarria da Lizarraldek irudiak, egoerak, eszenak… deskribatzeko duen gaitasuna. Irakurri ahala “ikusi” egiten dituzu gertakizunak. Eta ikusi ez ezik, usaindu, entzun eta sentitu ere egiten dituzu Lizarraldek kontatzen dituenak. Argazkilaria dirudi (edo zinemagilea, beharbada), idazlea baino gehiago, egoerak azaltzeko duen erraztasun eta gaitasun handi eta arin horregatik.