Euskarak, katalanak eta gaztelaniak atzizki eta aurrizkien bidez gauzatzen dituzten eratorpen-bideen arteko erkaketa: ondorio lexikografikoak
Hitzaldi honek azken hiru urteotan lau unibertsitate hauen taldeek egindako ikerkuntzaren ondorioetako batzuk azaltzeko helburua izango luke.
Lan hori, Madrilgo Hezkuntza Ministeritzak diruz babesturiko Configuración morfológica y estructura argumental: léxico y diccionario izeneko proiektuaren barruan egin da, ikuspuntu hirukoitz baten barruan.
Lehenik, atzizki eta aurrizkien bidezko eratorpen-prozesuak aztertu dira hiru hizkuntzetan, bereziki eratorpen-oinarri modura aditza dutenak edo eratorri modura aditza ematen dutenak arakatuz;
ondorioz, bi desberdintasun nagusi aurkitu dira: euskararen barruan atzizki eta aurrizkien bidezko eratorpenen arteko, eta euskal eratorrien eta eratorri erromanikoen artekoa.
Bigarrenik, bi desberdintasun horietarako azalpen teoriko bat bilatu eta aurkitu da.
Hirugarrenik, azalpen teoriko horrek lexikogintzan eman dezakeen laguntza finkatzen saiatu gara.
Komunikazio honek, azalpen teorikoa eta ondorio lexikografikoak laburbilduko lituzke batez ere.
Edozein azalpen teorikok argitu behar dituen bi desberdintasunak, zehazkiago, hauexek dira:
a) euskarak atzizki ugari baditu ere, oso aurrizki gutxi dauka,
eta b) desoreka hori ez dago inola ere hizkuntza erromanikoetan.
Gure hipotesiak, euskararen eta hizkuntza erromanikoen ezaugarri sintaktiko bat morfologiaraino estrapolatuko du:
eratorpenean ere euskarak egituraren burua edo gunean eskuinaldean jartzen du,
eta hizkuntza erromanikoek ezkerraldean.
Hau hobeto azaltzeko, kontutan hartu behar da hizkuntza erromanikoen aurrizkiek bi eratara jokatzen dutela: buru baten modifikatzaile modura jokatzen dutenak, buru horren ezkerraldean ager daitezke (refer / rehacer, desfer / deshacer, predir / predecir), eta buru modura jokatzen dutenak ere, lehenengo gunean kokatzen dira, osagarria eskuinaldean hartzen baitute (eslomar-se / desplomarse, desfullar / deshojar).
Lehenengo kasuan, aurrizkiak buruaren zehaztasun bat adierazten du
(predecir eratorria, decir oinarriburuaren zehaztasun bat da: aurretik esan, baina esan, azken finean);
bigarren kasuan, aurrizkia bera da burua,
osagarria eratorpen-oinarria delarik;
izan ere, Prehistoria ez da historia oinarri-osagarriaren zehaztasun bat, oinarria (historia) ez den bestelako gauza bat baizik).
Euskarak bere aldetik, lehenengo eredua baino ez dauka eskuragarri, bi ikuspegitatik egiazta daitekeenaren arabera:
Lehenik, erromantikoetan aurreko era bietara jokatzen duen des- atzizki mailegatuak, desegin eratorrian, egin oinarri-buruaren modifikatzaile modura jokatzen du aurrean kokatuz (egitearen alderantzizkoa),
baina aurrizki-osagarria/oinarriburua eredua aurkitu nahi dugunean (deshojar),
desostatu gaizki eginda dagoela beha daiteke nonbait;
ber-/bir- 're-' eta ez- 'in-/des-' aurrizkiek ere, horrelaxe jokatzen dute.
Ondorio lexikografikoei begira, lehenik desostatu bezalakoak egiteko eragozpenak azpimarratuko genituzke hitzaldi honetan.
Bigarrenik, agerian utziko genuke hizkuntza erromanikoen (eta ingelesen) aurrizki-burua/oinarri-osagarriaren euskal ordaina oinarriosagarria/ atzizki-burua dela zuzen-zuzenean.
Honek laguntza paregabea emango du gaurko lexikogintzan:
des1 hoja2 r ?hosto2 gabe1 tu bezalako saioetatik haruntzago, kontutan hartu beharko dugu hostoak2 galdu/kendu1 bezalako aukera, baina bereziki, pozoin-du 'envenenar', bigun-du 're-blandecerse', lerro-ka-tu 'a-linear', irin-ez-ta-tu 'en-harinar', lur-reratu 'a-terrizar' direlako "jauziak" estandartzat hartu beharko dira, a-, des-, en-, es-, in- edo re bezalako aurrizkien ordainak aurkitzerakoan
bide emankorrak eriden nahi baditugu.