Helburuak

Proiektuaren lehen helburua euskarazko hainbat egitura gramatikalen azterketa diakroniko sistematikoa egitea da. Horretarako, aztergai izango ditugun hainbat fenomeno hautatu dira, ondoko irizpide hauen baitan: alde batetik, aztertuko ditugun fenomenoak euskararen gramatikan giltzarriak izatea nahi dugu; bestalde, Europako testuinguruan ongi aztertuak izan diren eta hain ohikoak ez diren euskal gramatikaren alderdi batzuk ere aztertuko dira; eta azkenik, ikerketa hau aurrera eramateko baliatuko diren metodologia berrien inpaktua ebaluatzea ere izango da proiektuaren beste helburuetako bat.

Beste xede nagusi bat izango da euskararen corpus historiko orokor bat egitea, euskal sintaxiaren bilakaera ezagutzeko aukera eskainiko duena eta aurrera begira ere, euskarazko corpus historikoaren osaketarako nahiz garapenerako abiapuntu eta eredu izan nahi duena.

Osatuko den corpusean bi atal bereiziko dira: batetik, kategoria gramatikalak eta anotazio sintaktikoa; eta bestetik, metadatuak. Horrela, corpus anotatuan hitz, lema, kategoria gramatikal edota egitura gramatikal jakinen araberako bilaketak egin ahal izango dira (esaterako, erlatibozko egiturak, korrelazioak edota mendekotasun mugatuak, besteak beste). 

Proiektu honetan 750.000 hitzeko erreferentziazko corpusa osatuko da, XV. mendetik XVIII. mendearen erdialdera arteko testuekin, eta antzinako euskara barne hartuz, beraz.

Eta azkenik, nahiko genuke testu zaharretan euskararen bilakaera sintaktikoa aztertu ahal izateko baliabide teknologikoek eskaintzen dizkiguten abantailen potentzialtasunaren eraskusleihoa izatea proiektu hau.

Helburu horiek guztiak lortzeko aurreikusi den denbora 4 urtekoa da, eta beheko taulek erakusten dute betebeharren egutegia eta eginkizun bakoitza zein profesionali dagokion:

Datuak kontsultatzeko interfazeari dagokionez, aztertutako fenomeno gramatikalak corpusean bilatzen direnean, emaitzak testu transkribatuetan erakutsiko dira (testu horiek izango direlako ikerketarako baliatuko direnak), baina testuak dagozkien jatorrizko testuei lotuta bistaratuko dira, Testu historikoak proiektuan garatu zen aplikazioari esker. Adibide gisa, beheko irudi hau: