1. Solido mikroporotsuak, hau da, beren konposizioan eraikin ezorganikoari lotuta (hibridoak) edo ez lotuta (template) dauden molekula organikoak dituztenak, barne-porositatea edo ehundura-porositatea duten materialen balizko aitzindariak izan daitezke. Fase horiek, zeolitak, eta oro har, zeotipoak bezala erabil daitezke: gasen banaketa industri-prozesuetan, molekulak hautatzeko edota prozesu katalitikoetan. Halaber, solido mikroporotsu horien egituretan protonatuak dauden diamina organikoen ordez, Li+ edo Na+ bezalako katioi alkalino txikiak gehitzeak eroaletasun ionikoen fenomenoa errazten du. Horrela, bada, materialok, aurrez, energia eraginkor, berriztagarri eta garbiaren eremura bidera daitezke. | lista | 2. Azken urteotan oxido solidozko erregai zelulen (SO FC) teknologiak aurrerapen handia bizi izan du energia garbia sortzeko sistema legez. Testuinguru horretan, ikerketa talde honen jarduerak ardatz bi hauek ditu nagusi: batetik, beren ezaugarri elektrokimikoak hobetze aldera, material berriak sintetizatzea; bestetik, elektrodo berriak diseinatzeko asmoz, erregai zelulen portaera elektrokimikoa eta zelula osatzen duten materialen karakterizazioa aztertzea. Epe luzera planteatu diren helburuak eta lan-ildoa, besteak beste, honexetara bideratu dira: teknologia honetan baliatzen diren materialen kostua gutxitzera, tenperatura baxuagoetan lan egitea ahalbidetzen duten materialak aztertzera eta, azkenik, lortutakoen iraunkortasuna handitzera, hots, teknologia honekin batera sortzen diren arazoak murriztera; izan ere, gerora, teknologia hau errazago merkaturatu ahal izatea ekarriko du horrek. | ZTF16-GS.rs3 |